SAFE & PROUD: espazio seguruak eta LGBTIQ+ memoriaren aldeko proiektu europarra

Kiribiletik SAFE AND PROUD proiektua jarri dugu martxan, LGBTIQ+ gazteen ahalduntzea helburu duen ekimen europarra. Proiektuaren ardatz nagusiak dira espazio seguruak sortzea, eragile hezitzaile eta gazteekin lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta LGBTIQ+ aktibismoaren memoria historikoa berreskuratzea, eraldaketa sozialerako tresna gisa.

SAFE AND PROUD proiektua Erasmus+ Gazteria programaren (KA210-YOU) barruan garatzen da, eta Fundación Plan B Educación Social (Salamanca) eta Mimma Dreams (Trieste, Italia) erakundeen lankidetza du. Aliantza transnazional honek aukera ematen du testuinguru sozial eta politiko desberdinetatik LGBTIQ+ errealitatea lantzeko.

Ikuspegi hezitzaile eta komunitariodun proiektu europarra

Europan azken urteotan aurrerapausoak eman diren arren, LGBTIQ+ gazte askok oraindik diskriminazioa, jazarpena, ikusezintasuna eta babes falta bizi dituzte, bereziki hezkuntza- eta gazte-eremuetan. SAFE AND PROUD proiektua errealitate horri erantzuteko sortu da, ikuspegi integral baten bidez, hezkuntza ez-formala, sentsibilizazioa eta sare-lana uztartuz.

Proiektuaren lan-ildo nagusiak hauek dira:

  • Hezkuntza- eta gazte-guneetan espazio seguruak sortzea eta indartzea.
  • Irakasleen, gazteria arloko langileen eta familien prestakuntza, diskriminazioa prebenitzeko eta gazteei laguntzeko tresnak eskainiz.
  • LGBTIQ+ aktibismoaren memoria historikoa ikusaraztea, erreferente positiboak eta pertenentzia-sentimendua indartzeko.
  • Europako mailako jardunbide egokien trukea, Espainiako eta Italiako erakundeen arteko lankidetzaren bidez.

Kiribil, Plan B eta Mimma Dreams erakundeen arteko lankidetzak aukera ematen du errealitate oso desberdinak alderatzeko —eskubideetan aurreratuago dauden testuinguruak eta atzerapausoak bizi dituztenak—, eta horrela, erantzun hezitzaile sendoagoak eta egokituagoak eraikitzeko.

1. fasea: diagnostikoa eta ahotsen bilketa

Une honetan, SAFE & PROUD proiektua 1. fasean dago, diagnostikoa eta informazio-bilketa ardatz dituena. Fase hau funtsezkoa da proiektuaren hurrengo ekintzak benetako beharretan eta bizipenetan oinarrituta diseinatzeko, bai gazteen ikuspegitik, bai haiekin lan egiten duten erakundeenetik.

Horretarako, bi galdetegi anonimo eta labur jarri dira martxan, publiko desberdinei zuzenduta baina elkarren osagarri direnak:

📊 Erakundeentzako galdetegia

Gazteriarekin lan egiten duten elkarte, kolektibo, ikastetxe, gazteria-zerbitzu, udal eta bestelako erakundeei zuzendua, bai eta aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-aniztasunaren arloan dihardutenei ere.
Helburua esperientziak jasotzea, beharrak identifikatzea, erronkak detektatzea eta dagoeneko martxan dauden jardunbide egokiak ezagutaraztea da.

👉 Erakundeentzako galdetegia hemen:
https://labur.eus/safeandproudelkarteak

🌈 Gazteentzako galdetegia

Zuzenean gazteei zuzendua, haien ahotsa jasotzeko: eguneroko bizipenak, bizi diren espazioak, aurkitzen dituzten laguntzak eta beharrezkotzat jotzen dituzten aldaketak.

👉 Gazteentzako galdetegia hemen:
https://labur.eus/safeandproudgazteak

Bi galdetegiak anonimoak, borondatezkoak eta betetzeko errazak dira, eta proiektuaren hurrengo faseen oinarri izango dira.

Parte hartu eta zabaldu

Kiribilen eskutik, erakunde, profesional, ikastetxe eta gazteria-zerbitzu guztiak animatu nahi ditugu fase honetan parte hartzera: galdetegiak betez eta ahalik eta gehien zabalduta, gazteen ahotsak ahalik eta lekurik zabalena izan dezan.

Parte-hartzea eta entzute aktiboa funtsezkoak dira espazio seguruago, inklusiboago eta harroagoak eraikitzeko, non aniztasuna aitortu, errespetatu eta ospatuko den.

Argitaratua
Bestelakoak gisa sailkatuta