Kiribil Sareatik salatu nahi dugu kontratazio publikoaren eredu honek Portugaleteko Udal Gazteria Zerbitzua Malagako enpresa-talde baten esku uztea ekarri duela, nahiz eta Portugaleteko Aisialdi Sareak (PAS) aurkeztutako proposamena izan balorazio tekniko onena jaso zuena. PAS tokiko bost erakundek osatutako sarea da, ia bi hamarkadako esperientzia duena hezkuntza- eta komunitate-arloan.
PASek 2017tik kudeatu du zerbitzu hau, herrian errotutako eta gazteekin, ikastetxeekin eta tokiko eragileekin sarean eraikitako proiektu sendo baten bidez. Hala ere, azken lizitazioan irizpide ekonomikoak izan duen pisu neurrigabeak —urtean 2.000 euroko jaitsiera hutsa, 200.000 eurotik gorako kontratu batean— erabakia baldintzatu du, proiektuaren kalitatea eta gizarte-eragina bigarren mailan utziz.
Prozesuak agerian uzten du kostu txikiagoa lehenesten duen kontratazio-eredu bat, gizarte-klausularik gabea eta ibilbidea, lurralde-ezagutza eta emaitza frogatuak dituzten proiektuak benetan babesteko tresnarik eskaintzen ez duena. PASek berak lizitazioa argitaratu aurretik ohartarazi zuen diseinu horrek egoera honetara eramango zuela ezinbestean.
Kiribil Sarearen ustez, erabaki honek atzera-pauso argia dakar gazteria-politika publikoetan, zortzi urtez eraikitako prozesu bat eteten duelako eta tokiko testuinguruan esperientziarik ez duen kanpo-eragile baten esku uzten duelako kudeaketa. Haur eta gazteentzako politikak ezin dira prekarizazioan, etengabeko ordezkapenean edo lurraldearekiko deskonexioan oinarritu.
Horrez gain, eredu honek arriskuan jartzen ditu PASek bultzatutako beste proiektu hezitzaile eta komunitario batzuk ere —hezkidetza-programak, gazteen ahalduntzea, parte-hartze aktiboa edo aisialdi hezitzailea—, orain arte kudeaketa arduratsu eta konprometitu bati esker aurrera egin dutenak.
Kiribil Sareatik erakunde publikoei eskatzen diegu aldaketa sakona egin dezatela arlo soziohezitzaileko kontratazio-ereduetan. Haurren eta gazteen aldeko apustua egiteak kalitatea, lurralde-errotzea eta gizarte-eragin erreala erdigunean jartzea eskatzen du, eta zerbitzu hauek murriztu beharreko gastu huts gisa tratatzeari uztea.
Amaitzeko, balioan jarri nahi dugu Portugaleteko Aisialdi Sareak azken zortzi urteotan Portugaleteko Udal Gazteria Zerbitzuaren kudeaketan egindako lana, baita urte luzez herrian garatu duen ibilbide sendo eta konprometitua ere. Gazteekin, hezkuntza-eragileekin eta tokiko sarearekin elkarlanean egindako lanak ekarpen handia egin die Portugaleteko haur eta gazteen politikei, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu halako proiektuak aitortu, babestu eta etorkizunean ere bermatzea.
