Elkarmorea: berdintasuna sarean sustatzen beste ikasturte batez

2025-2026 ikasturtean zehar, Elkarmoreak Kiribil Sarean ikuspegi feminista sustatzen jarraitu du, sareko erakundeetako profesionalei laguntza eskainiz eta koordinaziorako, hausnarketarako zein ikaskuntza partekaturako espazioak indartuz.

Lan-ildo nagusietako bat Ibilbide Feministaren koordinazioa izan da, proiektuaren kudeaketa eta bertan parte hartzen duten dinamizatzaileen lana koordinatuz. Horrez gain, ikasturte osoan zehar laguntza eta jarraipen etengabea eskaini da, orientazioa, sostengua eta koordinazio-guneak eskainiz, haien lana garatzen laguntzeko eta sortutako beharrei erantzuteko.

Bestalde, Mahai Moreak profesionalen arteko topaketa, ikaskuntza kolektibo eta koordinaziorako espazio izaten jarraitu du. Bertan esperientziak, kezkak, baliabideak eta estrategiak partekatu dira, esku-hartze soziohezitzailean ikuspegi feminista indartzen jarraitzeko eta jarduteko irizpide komunak eraikitzeko. Elkarlan horren emaitza gisa, apirilaren 29an eta 30ean Kiribil Sareko profesionalei zuzendutako formakuntza antolatu zen. Bertan berdintasunean heztearen garrantzia, indarkeria matxisten prebentzioa eta eguneroko jardunerako tresnen indartzea landu ziren.

Horrez gain, ikasturtean zehar hainbat data esanguratsuren inguruko proposamen pedagogikoak sortu eta partekatu dira: otsailaren 11 (Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna Zientzian), martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna), maiatzaren 17a (LGTBIQ+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25a (Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna). Ekimen horien bidez, erakundeen eskura baliabideak eta jarduerak jarri dira, berdintasuna, aniztasuna eta tratu onak haur, nerabe eta gazteekin lantzeko.

Elkarmoreatik sare-lanaren alde egiten jarraitzen dugu, gizarte-eraldaketarekin konprometitutako hezkuntza-espazio berdinzaleagoak, inklusiboagoak eta bidezkoagoak eraikitzeko tresna gisa.

Argitaratua
Berriak gisa sailkatuta